Amets Arzallus Antia, Xilaba, Ipar Euskal Herriko bertsu xapelketaren garailea izan da berriz larunbat huntan jokatu den finalean. Hendaiarrak egin duen saio borobilean 1 012 pundu lortu ditu, bigarren sailkatu den Miren Artetxek 975 erdietsi dituelarik. Giro ederreko saioan publikoak poz pozik hartu du epaileen erabakia jakin delarik Arzallus eta Artetxe sailkatu zirela buruz burukoan lehiatzeko.
Andoni Iturriotz senpertarrak xapela jantzi zion Arzallusi: “gustura eman diot laguna dudalako, bertsulari sakona izateaz gain poeta ere bada”. Bertsularien Lagunak elkarteak Iturriotz eskertu nahi izan du, Larraldea, Senperen duen baserriaren ateak zabalik daudelako beti bertsuzaleentzat eta elkartearen egoitza bertan dagoelako.
Taulen gainean hiru emazte eta hiru gizon
Odei Barrosok 605 puntu lortu zituen, Maddalen Arzallusek 586.5, Patxi Iriartek 562.5 eta Maddi Ane Txoperenak 561.5. 2017an finalistak izan ziren Amets eta Sustrai Colinaz gain, Miren, Odei eta Maddalenek parte hartu ahal izanen dute datorren udazkenean ospatuko den Euskal Herriko Txapelketa Nagusian.
Xilaban lehian ziren 24 bertsularietatik seik lortu zuten finalerako txartela, hiru gizon eta hiru emazte, hauen artean Amets eta Maddalen Arzallus ama galdu berri duten anaia arrebak. Behin baino gehiagotan gorazarre egin zioten ama zendu berriari.
Nahiz eta finala izan, umoreak ere tarterik izan zuen taulen gainean lehen aldiz zegoen Patxi Iriartek bota zuelarik “ez naiz Sustrai, lasai ez da gizendu!”. Aktualitateko gaiak izan ziren saioaren ardatz nagusia eta horrek sorkuntzarako aukerak eskaini zizkien koplakariei. Afganistango bi emazte gazte Kabulen manifestaldia prestatzen ari direla, auzokideen arteko elkarbizitza, Abiada Handiko Trenaren priektua eta etxebizitzaren inguruko espekulazioa bezalako gaien inguruan kantatu behar izan zuten euskararen arnasgunean.